Karle naiz, eta sortzea maitatu izan dut beti. Antzerki munduan hasi nintzen baina sormena eskatzen duen edozein diziplina gustatzen zait. Eta horien artean, ehuntzea betidanik egon da nirekin. Batez ere, kakorratzak erabili izan ditut, lagunek erakutsita. Amak kaltzetorratzak erabiltzen erakutsi zidan, eta izebak telarraren (ehungailuaren) munduan murgildu ninduen. Denborarekin makramearen teknika erabiltzen hasi nintzen interneteko tutorialen eta liburuen bitartez. Hain maite ditut denak, ezen ez dudan bat bera ere baztertu nahi, kakorratza bada ere, egun, gehien menperatzen dudana.
Patroiak erabili izan ditut, piezak egiten ikasteko edota teknika eta trikimailu ezberdinak erabiltzen ikasteko. Baina uste dut pare bat aldiz baino ez dudala patroi bat pausuz pausu bukatu; izan ere, gauzak nire erara egitea gustuko dut, materialak, formak eta koloreak aldatuz eta gehituz. Pieza egiten hasi eta inprobisatzea maite dut. Momentua zein den bide bat edo bestea hartzea.
Horrela sortu da “auma” proiektua. Sortzetik bizi izatearen ametsetik. Haserre eta triste nengoen munduko gorabehera ezberdinak direla eta, orduan sare sozialek erakutsi zidaten bizimodu berriak zeudela. Maite duzuna egiteko mila bide daudela. Beraz, beldurrak uxatu eta bidaia honetan murgiltzeko hautua egin dut.